We can't find the internet
Attempting to reconnect
Something went wrong!
Hang in there while we get back on track
Feminismos
Ondare madarikatuak
Begirada batekin zoratuko zaituen emakume eder bezain arriskutsuak bere botere osoa erabiliko du zu, presa babesgabe eta indargabe hori, harrapatzeko, amiltzeko, kondenatzeko. Ile luze nahasi eta gorrixka, begi berdeak eta ezpain gorri eta haragitsuak dauzka, baita era guztietako basapizti eta narrastiekin komunikatzeko gaitasuna ere, haien leinu berberekoa baita; sugeak, apoak, gaueko hegaztiak, saguzarrak eta txerriak ditu bereziki gustuko. Gaua da bere erreinua eta ura bere ingurune naturala, umela eta nasaia den edozertan ezkutatu daiteke. Erdi basapizti, erdi gizaki, asegaitza da sexualki. Bere izate zitalean katigaturik, naturak edo dibinitateak ezarritako eginbeharretik ihes egin du, hots, gizonaren esanarekiko otzan bizitzetik eta ama izatetik. Jaioberrien eta bere biktimen odolez elikatzen den munstro hegalaria, kontuz harekin, galbidera eramango zaitu deabruak berarekin daukan harremana estua, estuegia baita.
'Lilithen alabak' liburuan Erika Bornay arte historialariak iruditeria guzti hau femme fatale deituriko arketipoarekin lotzen du, XIX. mendean sortu eta gailendu zen emakumetasuna ulertu eta sinbolizatzeko modu zehatz batekin, alegia. Mende amaieran aurretik existitzen ziren kontakizun eta irudi kolektiboak berrinterpretatu zituzten hainbat idazle eta artistek; emakumetasunaren irudi morboso, erotiko eta zital bat zabaldu eta ezarriz. Bornayk arte-ekoizpena aztertzen du batez ere, eta fenomeno hau prerrafaelistekin hasi eta sinbolistek, Art Noveau mugimenduko partaideek eta dekadenteek jarraitu zutela ondorioztatu zuen, besteak beste.
“XIX. mendean emakumeon historian aldaketa eta aurrerapauso ugari gertatu ziren, eta egoera honen aurrean gizon asko mehatxatuak eta beldurtuak sentitu ziren, jarrera misoginoak zabalduz”
Hala, aise aurkituko zenituzke garai hartako koadroen artean Lolitaren aitzindari hiper-sexualizatuak (ikusi adibidez Paul Peel artistaren Veneziako bainularia) eta prostitutak (Touluse-Lautrecen Au Salon de la Rue des Molins), emakume eta pizti edo munstroen arteko sinergiak azaleratzen zituzten sirenak (H.J. Drapperen Ulises eta sirenak) eta banpiroak (Munchen banpiroa). Bibliako hainbat pertsonaia ere berrirudikatu eta berrinterpretatu zituzten, emakumearen eta gaizkiaren arteko harremana ikuspuntu historiko batetik balioztatzeko: Lilith (Rossettiren Lady Lilith eta John Collieren Lilith) eta Judith (Franz Stucken Judith eta Klimten Judith I) sentsual eta arriskutsuak, baita Salomeren hainbat irudi ere (Moreauren Salome Herodesen aurrean dantzan), azken hau bereziki ohikoa bihurtu zelarik.
Heriotza bera haragitu zuen emakumeak (ikusi Carlos Schwaberen Heriotza eta lurperatzailea) eta asko izan ziren basapiztiekin batera edo pizti bilakaturik irudikatu zituztenak, suge baten konpainian batez ere (G. Ferrierren Salambo eta Franz con Stucken Bekatua). Izugarria izan omen zen norabide honetan egindako artelanen ekoizpena, anitza eta, aipatutako ildoa jarraituz, mugakoa.
Bornayk gogorarazten duenez, XIX. mendean emakumeon historian aldaketa eta aurrerapauso ugari gertatu ziren. Emakumeak unibertsitatera joateko, lan egiteko eta politikan aritzeko gogo, eskubide eta beharra aldarrikatzen hasi ziren. Garai hartako Europan bazeuden, gainera, miresgarriak eta hezur-haragizkoak ziren emakume eredu berriak. Rosa Luxemburg eta Aleksandra Kollontai borrokalari politikoak eta Lou-Andreas Salomé idazle, intelektual eta psikoanalista aipatzen ditu, adibidez, autoreak.
Egoera honen aurrean gizon asko mehatxatuak eta beldurtuak sentitu ziren, honek, filosofo eta zientzialari entzutetsuen eskutik noski, diskurtso eta jarrera misoginoak zabaltzea sorrarazi zuelarik. Joera hau idazle eta artisten artean ere hedatu zen, garaiko klima intelektualaren parte bihurtuz. Bornayk zehaztu bezala, tendentzia hori jarraitu zuten obra guztiek jarrera edo helburu misogino esplizitu bat izan ez arren, fenomeno orokor horren atzean arlo historiko eta sozialean ematen ari ziren aurrerapausuek sorrarazten zuten beldurra eta arbuioa zeuden, baita nolabaiteko mendekua ere.
Beste batzuen gorroto, interes, beldur eta botere-gosearen arabera eraikiak, irudikatuak, amestuak eta idatziak izan garenontzako askatasun eta ahalduntzerako bidea kontraesanez betea dago, dirudiena baino konplexuagoa eta tranpatiagoa da. Duela oso gutxira arte harro eta lasai hartuko nukeen Lilithen testigua, Adanen lehenengo emazte menderakaitza, bereziki beste aukera Ama Birjinaren eredua jarraitzea dela jabetuz gero. Presente izan beharko dut orain istorio hau ere ez zela gure askatasuna helburutzat izanda idatzi, presente guretzako inork zizelkatutako irudietatik at berreraiki beharreko eremua dela, ezer izatekotan, askatasuna.