We can't find the internet
Attempting to reconnect
Something went wrong!
Hang in there while we get back on track
8 de marzo
“Emakume langile, ez zaitez makurtu” oihukatu du Iruñerriko Itaiak hiriko kaleetan

Eguerdian izan dira Iruñeko martxoaren 8ko mobilizazio jendetsuenak, mugimendu feministak deitu dituenak. Arratsaren hasieran oraindik nabari daitezke Alde Zaharrean, andre koadrilak zapi moreekin, manifestazioko pegatinekin, Palestinako zapiekin.
18:30ean da abiatzekoa Iruñerriko Itaia sarearen manifestazioa. San Frantzisko plazatik ateratzear da, gereziondo japoniarrak loretan daude eta plaza mintzagai izan da azken asteetan: etxerik ez duten gizon migratzaileak daude orain ordura arte haur eta guraso autoktonoentzat izan diren bankuetan. Haien artean liskarren bat izan dute migratzaileek eta duela hilabetetik tokiko guraso, haur eta gizon magrebtar gazteei udaltzainak batu zaizkie, argiak piztuta dituztela.
Gaur arratsean, ordea, ez dago magrebtarrik, euriarengandik babesteko beste nonbait egongo dira, baina polizia bai, ohiko udaltzainez gain Polizia nazionalaren bi furgoneta daude Kale Berriko iskinan. Ordu laurdeneko atzerapenarekin atera da elkarretaratzea, haizeak manifestazioaren buruko pankarta eramatea zailtzen du, hogei bat bandera gorri daude sakabanatuta desfilean, jende gehiena nerabezarotik 30 urtera artekoa da, baina badira ere 70 urtetik gorako emakumeak eta ibilbide osoan zehar lehertuko diren petardoen beldur diren haur batzuk amen eskura helduta.
Hasieran, irudi luke jende gehiegi ez dagoela baina manifestazioaren burua Pozo Blancora iritsi da eta oraindik bada San Frantziskotik atera ez den jendea. Pankarta inguruan dabilen emakume batek esan du: “nik uste iazko jende bikoitza”, beste batek esan dio “gehiago ere bai”.
Galdera da, borroka aldarrietatik haraindi zenbat geratzen ote den 1911an martxoaren 8aren beharra, klase eta genero askapenarena, artikulatu zuten sozialista iraultzaileen Emakumearen Nazioarteko Egunetik.
Kolore ezberdinetako euritakoak ireki eta ixten dira, euri kopuruaren arabera, ibilbidean, beltzak eta gorriak bereziki. Bitxia da, sexu-langileen kontra emakumea askatu nahi duten talde batzuek euritako gorriak suntsitzeko deialdia egin dutelako han hemenka. Baina, akaso, sexu-langileen sinbolo izateaz gain, elkarretaratze honetan euritako gorriak beste zerbait ere esan nahiko du.

Foru jauregiaren aurretik pasatzean, bi emakume bereziki gazte, lorategien barandiletan Ez gara objektu sexualak M8 kaleak har ditzagun! dion pankarta eutsi dute eta goizean berdintasunaren aldeko elkarretaratzean egon den Maria Txibiteren menpeko hogei foruzain gizon joan dira mehatxatzera. Emakumeek pankarta jaso dute ziztuan.
Lelo asko errepikatu dira ozen: Gora emakume langileon borroka, Emakume langileok iraultza sozialista, Mujer trabajadora, organizate edota Erasotzaileei aurre egin. Baina arrakasta handiena izan duena Emakume langile, ez zaitez makurtu aldarria izan da, astebete lehenago, Ekidak zabaldu zuen abestian entzuten dena. Manifestazioa bukatzean, ekitaldi politikoaren sarrera izan da abestia: bi ahotsetara, kitarra batekin, bustitzen ziren ehunka lagunen aurrean.
Hiria ilun, hitzartzeen ostean zazpi bengala gorri piztu dituzte. Galdera da, borroka aldarrietatik haraindi zenbat geratzen ote den 1911an martxoaren 8aren beharra, klase eta genero askapenarena, artikulatu zuten sozialista iraultzaileen Emakumearen Nazioarteko Egunetik. Asteotan poliziak zuzentzen eta enpresarien mesederako gobernatzen duten erakunde eta alderdiek ere, EAJk buru, martxoaren 8a ospatzen dutenean, hedabideetan iragarkiak eginez eta prentsa agerraldiekin.
Nola pentsatuko ote zuen, XX. mendearen hasieran arroz zelaietako langileengan pentsatzen zuen Clara Zetkinek, gaur, berriro eguzkia atera denean, San Frantzisko plazara itzuli diren etxerik gabeko gizon migratzaile horiengan. Nola egingo ote luke gaur osagarri atzoko aldarria gaurko beharrekin.