We can't find the internet
Attempting to reconnect
Something went wrong!
Hang in there while we get back on track
Sexualidad
Ene Marga
“Egidazu, Nati” agintzen dio Moralasen Lectura fácil eleberrian Margak Natiri, elkar musukatzen duten bitartean. “Margaren aginduek ez dute aginduen tonurik, erreguena baizik, ez du nigandik obedientzia eskatzen, baizik eta bere gozamenarekiko elkartasuna, bere desioarekiko elkartasuna” pentsatzen du Natik. Lagun batzuei botatzen diet pasartea, “halako zerbaitekin topo egin arte ez naiz berriro maiteminduko”.
Pozik sentitu naiz galbahea egiteko irizpide zehatz bat aurkitu dudalako. Emakumeok behintzat bagara gai hain sotila den zerbaiti antzemateko, besteen desira, lehentasun eta emozioak igarri eta hauen arabera aritzeko haziak eta heziak izan baikara. Probestu ditzagun jakintza hauek guretzako desiragarria izango den bizitza bat eraikitzeko. Bai, noski! Sakonki hartu dut arnasa. Berehala hasi zait, ordea, kontu hau korapilatzen. Nekatuta sentitu naiz bat-batean, ahituta. Gai honi bueltaka, berriro?
Ezagutzen (omen) ditugu maitasun eredu heteronormatibo eta patriarkalak dakartzan arazo, arrisku eta injustiziak. Maitasun erromantikoa deitu izan dugunaren ondorioak. Pentsatu izan ditugu maitatzeko beste modu batzuk, etengabe hitz egin izan dugu gai honi buruz, aspertu ere egin arte. Eta?
“Kontu batzuk etengabe birpentsatzera kondenatuta gaude, eta balio dezala gehiago eta hobeto maitatzeko, eta ez, inondik inora, maitatzeari uzteko”
Ba ez dakit ikasitakotik zenbat eraman ote dugu praktikara. Ikusten, entzuten eta irakurtzen dudanak ez nau oso itxaropentsu jartzen. Emakumeok gure harremanetan gainkarga emozionala izaten jarraitzen dugu, maitasunarengatik bai baina bestela egingo ez genituzkeenak egiten, jasango ez genituzkeenak jasaten, bai gure bikotekide, maitale edo bidaideengatik, baita maite (behar) dugun pertsona askorengatik ere. Artatu, ulertu, barkatu eta zaintzeko prest egon ohi gara, doank.k,i, esan gabe doa.
Bitartean, logika honetaz probesten diren gehienek lasai asko jarraitzen dute, haien pribilegioez gozatzen, haiekin zerikusirik izango ez balute bezala. Agian ez dugu gure aliatuengandik espero beste lan, kontzientzia maila eta enpatia jaso.
Eta ez dezagun ahaztu maitatzeko eredu honek dakarren ondorio zital eta bortitzena. Emakundek helarazitako datuen arabera, 2021ean 4.317 emakume izan ziren indarkeria matxistaren biktima EAEn. Zenbakitutakoen artean 2.932 izan ziren bikotekide edo bikotekide ohiak eragindakoa. Ez dakit zenbat kasu geratuko diren estatistiketatik kanpo. Ez dakit zenbat oraindik identifikatzeke. Beraz ez, maitasuna ez da gai hutsala eta esango nuke ez gaudela uste bezain seguru eta jantziak.
Honetaz guztiaz gutxi gora behera kontziente izaten hasi ginenean ekin genion beste eredu batzuk pentsatu eta bizitzeari, logika itogarri eta injustu honetatik kanpo, Estebanek esan bezala, “maitasunari arrotz zaion maitasun bat” eraiki nahian (ez dakit behar bezala ulertu genuen haren mezua). Harreman irekiak gora eta behera, jelosia hitzetan jartzea sahiesten, plazerari erantzunez eraikitako logika askatzaileak jarraitzen … Beste zimendu batzuk erabiliz eraikitako jendez betetako gaztelu argitsu eta koloretsuetan dantzan nahi genuen aritu, libre. Gure burua euripean, dar-darka eta bakarrik ikusi dugun arte. Eraikin hori ez zen behar bezain sendoa, bertan ez ginen denok kabitzen.
“Monogamiatik at ezer eraikitzerakoan logika neoliberal kontsumistan jausiz gero, gorputzak inongo kontsiderazio gabe kontsumitzera mugatuko gara”
Monogamiatik eta eredu tradizional heteronormatibotik at ezer eraikitzerakoan logika neoliberal kontsumistan jausiz gero ez baikara leku abegikor batera iritsiko. Vasallok Pensamiento monógamo Terror Poliamoroso liburuan dioenez, gorputzak inongo kontsiderazio gabe kontsumitzera mugatuko gara, “gorpuzki emozionalak” haziz edonon, eremu benetan ziurrik gabe utziz norbera eta hurkoa, iraultzaile izateko potentziala lukeena egungo sistemaren logika basatira murriztuz. Otsoen bazka edo otso bilakatuta. Bestalde, inguratzen gaituen desira eredu hegemonikoa ere matxista da, noski, ez da gugandik eta guretzako eraikia izan eta honen aginduak betetzeak ez gaitu derrigorrez askatasunera hurbilduko. Ez gaitezen sexu-askapenaren tranpan jauzi berriro, inoren desira-objektu bihurtuz ahalduntzen gabiltzala sinetsiz.
Iraultzak, aldaketak, politizazio orok ditu bere erronka eta arriskuak. Edonola ere, ez dira guztia eginda dagoela pentsatzea baino kaltegarriagoak izaten. Beraz, kontu batzuk etengabe birpentsatzera kondenatuta gaudela dirudi. Izan dadila kondena gozo horietako bat eta balio dezala hainbeste buruhaustek gehiago eta hobeto maitatzeko, zentzurik zabalenean, eta ez, inondik inora, maitatzeari uzteko!
Ene Marga, non zaude? Inon ahal zaude? Aurkituko dugu elkar, nola edo hala.