We can't find the internet
Attempting to reconnect
Something went wrong!
Hang in there while we get back on track
Comercio
Hirietako dendak, ez auzokoak
Bizkaiko aberatsak abestian herri eta hirien arteko mendetako oreka kantatzen da, XIX eta XX. mendeetan zehar herrietako autarkiak ematen ez zuena, hiriek ematen zuten haien dendei esker. Salmenta gune horiek itxura, orografia eta giro berezia eman diete gure hirien erdiguneei Erdi Arotik.
Komertzio eredu orekatu horrek, garaiko aldaketekin, indarrean jarraitu du XX. mendearen amaieran merkatal gune handiak agertu arte, hortxe hasi ziren aldatzen kontsumo ohitura batzuk eta kolpe gogor bat jasan zuten dendatxoek, hala ere, txikia izan zen azken urtetan online salmentek emandakoarekin alderatuta. Ahotan dago afera: denda txikiek ez dute erreleborik, denak itxi egiten dira.
Alarma gorria piztuta dute udalek, auzo elkarteek eta kolektibo ezberdinek, baina inork ez du asmatzen prozesua gelditzeko hartu beharreko neurriak proposatzerakoan. Inork ez du eztabaida gatazkaren muinera eramaten. Begirada erromantikotik egiten zaio aurre erabat zabalduta dagoen prozesuari, eta petatxu moduko neurriak besterik ez dira hartzen: beherapenak, erosketak egiteko bonoak...
Baina galdera zehatzak dira faltan ditugunak: zergatik ez du inork denda txikietan lanik egin nahi? Zergatik ez du inork itxi behar den taberna bat hartu nahi? Nori saltzen diete denda horiek? Janari dendak kenduta, gainontzeko guztiak hiri mailako dendak dira, beraz, zergatik analisia egin auzo mailan? Erosketak egiterakoan non dago kontsumorako desioa asetzen duena? Erantzun falta honen azpian errealitate gordina dago: inork ez du denda txikietan lanik egin nahi lan gogorra delako, ordu askotan egon behar delako bertan, xarma txikia duelako eta diru eskasa eta opor gutxi izanen dituzula esan nahi duelako.
“Maila metropolitarrean aurre egin behar diogu komertzioen desagerpenari, eta maila horretan bakarrik lortu ahalko da prozesuaren geldotzea”
Kapitalaren desioen dinamika orokorra geldituko ez badugu (gure politikek ez dituzte zentro komertzialetan erosteko desioak itzaliko) uler dezagun gertatzen dena. Auzoetako kolektiboek egiten duten analisiaren aurka, alde zaharretako denda gehienek hiri osoa elikatzen duten eta, janari dendak alde batera utzita, metropolitarra den dinamikari esker bizi dira. Langileak, normalean, beste auzo batzuetan bizi dira eta antolakuntza sareetatik kanpo daude oso maiz. Ez dago, beraz, identitate politika bat egiterik.
Bestalde denda zein taberna txikietan lan egiteak ez du bermatzen klase ertainaren erreprodukzioa (oporrak, soldata, lan desioa); ordea, zerbitzu proletalgoaren parte dira langile hauek. Horregatik denda txikiak babesten dituzten askok ez dute komertzio horietako lan dinamiketan sartu nahi.
Problema material larria da hau ere. Maila metropolitarrean aurre egin behar diogu desagerpenari, eta maila horretan bakarrik lortu ahalko da prozesuaren geldotzea: zabalera handiko eremuei zergak inposatzen, bidea zailtzen eta politika gogorragoa egiten eta gure aldetik politika materialagoak egiten, helburu zehatz eta egonkorrak izanen dituztenak: dendak berreskuratzeko plan zehatza egin, auzoaren sareetarako ezinbesteko badira, benetan eraginkorrak izateko. Eta despistea ere alde batera utzi, auzoa ez delako denda txikien desagerpenari aurre egiteko eszenatokia, hiria baizik.