We can't find the internet
Attempting to reconnect
Something went wrong!
Hang in there while we get back on track
Euskal Herria
Naziogintzarako zorioneko arrisku berriak
Ezin ukatu. Espainiar gobernuaren osaketak berrikuntzak ekarri ditu estatu mailako politika girora.
Ezin ukatu. Espainiar gobernuaren osaketak berrikuntzak ekarri ditu estatu mailako politika girora. Zalantza eta galdera ugari dago mahai gainean; horien artean, azken hamarkadetan etsai izan diren indar nazionalisten arteko nolabaiteko elkarlana. Elkarlana, bai, jakina baita PSOEk ERCren eta EH Bilduren onespenari esker lortu duela lehendakaritza.
Elkarlan berezia, zalantzarik gabe, alde bakoitzari arriskuak dakarzkiona. Espainiar eskuindarrek etengabe errepikatzen dutenez, Espainia apurtu nahi duten bi indarrek ematen diote nolabaiteko sostengua PSOEri, eta horrek bi ondorio argi ditu: alde batetik, PSOE espainiar nazionalista sutsuak Espainaren batasuna arriskuan jarri nahi dutenen sostengua mantendu behar du; bestetik, Espainiarengandik aldendu nahi duten bi indarrak Espainiaren gobernagarritasunean inplikatu dira, neurri berezi batean.
Bien kasuan, kontraesanak ikusgai daude. Kontraesan horiek abertzaletasun bakoitzaren legitimazio iturriarekin daude harremanetan, modu nahasian bada ere. Izan ere, nazio identitateak XIX. mendean gorpuzten dira, estatu liberalen eraikuntzarekin batera eta subiranotasunaren jatorriaren inguruko planteamendu berriekin; nazio subiranotasunarekin, alegia. Eta eraikuntza eta definizio horietan bi motatako osagaiak sartu ziren: alde batetik, nazioa historikoki definituko luketen faktore objektiboak (hizkuntza, lurraldea, erlijio batasuna...); bestetik, kolektibitateen borondatearekin loturikoak. Afera konplexua da oso, aipaturiko osagaiak modu ezberdinetan uztartzen baitira tokian tokiko errealitatearen arabera. Baina argi dago lehendabizikoei garrantzia ematean bigarrenei pisua kentzeko joera egon dela. Historia, eraikitako errelato historikoa, herrien borondate demokratikoaren gainetik jartzeko joera egon da.
Horren adibide argia izan da Espainiar abertzaletasuna. XIX. mendeko liberalismoaren joera esentzialista indartu egin zen Frankismoan zehar, Espainia “destino batasun” bat bihurtuz. Egia da ezker antifrankistak autodeterminazio eskubidea defendatu zuela garai batean, baina Trantsizioarekin berriro ere eztabaidaezin bihurtu zen batasun hori, eta haren biziraupena bermatu behar zen, horretarako balore demokratikoak alboratu behar baziren ere. Horren adibide da 155. artikuluaren aplikazioa, besteak beste.
Periferiako abertzaletasunetan ere presentzia eta pisu handia izan dute planteamendu esentzialistek. Nazio bat, omen, Herrialde Katalanak. Nazio bat, omen, Euskal Herria. Gaur egun horren jakitun izan ala ez, historiak aginduta. Nafarroako errege-erreginak izanen ziren, batzuen arabera, horren bultzatzaile. Euskal Herriko kasuan, hausnarketa irudimentsuak plazaratu dituzte horren kontura, abertzaletasun esentzialista hori desmontatuz, Santi Leonek edota Joseba Sarrionandiak.
XXI. mendeko hasiera honetan, nire ustez, askoz modu askatzaileagoz planteatzen hasi dira periferiako abertzaletasunaren ekimenak espainiar abertzaletasunarenak baino, eta dinamika demokratikoagoak martxan jarri direnean agerian gelditu da Konstituzioa baino lehenagoko errealitate eztabaidaezina bihurtu dela Espainia, berriro ere. ETAren jarduera armatuak baino, Kataluniako desafioak azaleratu du abertzaletasun esentzialista hori, naziogintzen bidegurutzetan nolabaiteko tren-talka eraginez, zeinetan indarra hartu duen Espainiako ultraeskuinak.
Egoera paradoxiko honetan, nolabaiteko elkarlanean hasi dira naziogintza ezberdinak, bakoitzaren barrenean beldurrak zabalduz. Espainia aldean nabariak dira errezeloak: Espainiaren apurketaren arriskua omen dakar Kataluinako edota Euskal Herriko independentistekin negoziatzeak. Periferian, berriz, mesfidantzaz begiratzen dira batzuek Espainia demokratiko bat eraikitzeko apustuari. Izan ere, ez omen litzateke euskal herritarron edota katalanen lehentasuna Espainia eraldatzea, hortik alde egitea baizik.
Eta, hala ere, asko gara egoera berria itxaropenez ikusten dugunak. Jakina da gaur egungo mundu neoliberalean eraldaketa soziala gobernagarritasunarekin lotzeak arriskuak dakartzala, baina, beste alde batetik, aukera berriak zabaltzen ditu. Alde batera utzi beharko dira naziogintzaren inguruko planteamendu historizistak, eta gaur egungo jendartearen beharren arabera (eta batez ere borondateen arabera) artikulatu beharko dira naziogin-tzak edo kolektibitate politikoak datozen urteotan.
Bazterrean utzi behar, halabeharrez, Jaume I.a, Cid Campeador edota Antso Azkarra. Baita X Jauna zein Artapalo. Gure inguruko errealitateari begiratu behar, errealitate aldakor eta nahasiari, zeinetan inolako eskubide politikorik ez duten milioika langile bizi diren, munduko beste kontinenteetatik etorriak. Nola uztartu haien erabakitzeko eskubideak demokraziagintzan?
Egoera berezia, bai, aurrean daukaguna. Surrealista, omen, batzuen arabera. Konplexua ere bai, noski.
Eta, hala ere, nolabaiteko itxaropenez dakusat.