We can't find the internet
Attempting to reconnect
Something went wrong!
Hang in there while we get back on track
Ecologismo
Hauxe da Nafarroa!
Azken asteetan, nahiko isilik pasa diren Foru Parlamentuko hiru albiste garrantzitsuk Nafarroa astindu dute, aspalditik mugimendu ekologistak salatuak, hemen bizi garen guztion kaltetan.
Lehenengoaren berri duela hamar urte baino gehiago ere bagenuen, baina orain arteko Nafarroako gobernu guztiek estali egin dituzte Esako urtegia handitzeari buruzko txostenak, ingurumenaz eta ekonomiaz aritzen zirenak. Hori dela eta, eraikuntzak aurrera egin du, eta milaka milioi bota ditugu zakarrontzira inoiz beteko ez den urtegi bat egiteko.
Bigarrenik, Nafarroako Gobernuak aintzat hartu du Abiadura Handiko Trenaren aurkako asanbladak eta beste kolektibo batzuek duela hogei urte salatutakoa, eta Ezkioko bidearen ondorio ekologikoak onartu ditu. AHTren zentzugabekeria onartzen hasteko urrats bat da, ezkutuko urrats txiki bat.
“Ekologismoak ikaragarrizko lana egin du ingurumenean kalteak eragiten zituzten proiektuak salatzeko eta haien eragin bortitza agerian uzteko, baina gehienetan kapitala gainetik pasa da”
Hirugarrenik, duela egun gutxi Itziar Gomezek jakinarazi du Nafarroak bertan behera utziko duela estepa hegaztiak babesteko garatzekoak ziren Foru Dekretua. Enpresa agroekologikoen mesedetan hartutako erabakia izan da, nekazaritza industrialaren alde. Nafarroako hegaztien desagerpenaren aldeko beste pauso bat gehiago.
Zenbait hamarkadaz, ekologismoak ikaragarrizko lan teknikoa egin du ingurumenean kalteak eragiten zituzten proiektuak salatzeko eta haien eragin bortitza agerian uzteko, baina gehienetan kapitala gainetik pasa da. Estrategia berriak planteatzeko momentua iritsi da, sindikalismoak, feminismoak eta ekologismoak borroka bakarra luzatu dezaten.