We can't find the internet
Attempting to reconnect
Something went wrong!
Hang in there while we get back on track
Opinión
Ongi etorri to Bilbo city
Guggenheim efektuaren bigarren pelikula ikustera joatea ere plan paregabea izan daiteke: batzuek Manhattan deitzen dute; beste batzuek Zorrotzaurreko irla; baina hiltzen utzi nahi izan duten auzo bat dago bertan aspalditik: Deustuko Erribera.
“Bilboko industria garaia bizitzea ez zitzaidan tokatu, eta Guggenheim eta Abandoibarrako paseoarekin hazi izan naizen horietakoa naiz, desindustrializazio prozesuarekin batera hain zuzen. Nagusitzen nindoala Bilboko itsasadarreko ertzetan mega eraikin modernoak eraikitzen hasi ziren, altuena zein izango zenaren norgehiagoka: BBVA atzean utzi eta Iberdrola, Isozaki eta beste hain beste, txanpiñoien moduan biderkatu ziren.
Baina badira hiru edo lau urte nire burua lehenengo aldiz Bilbo zeinen atsegin zegoen esaten harrapatu nuela. Lotsa artean onartu nuen. Eta egia da, azken boladan hala ohi dio kanpoko jendeak bisitan datorrenean “Jo! Zeinen polita den Bilbo, zelako hiri atsegina”. Hauek ez dakitena ni neu, nire jaioterrian, turista sentitzen hasi naizela da. Ezezagunez inguratua, etengabeko eraldaketa urbanistiko inpertsonal batean murgildurik eta gure identitatearen azken arrastoekin akabatzeko arriskuan.
Bilboko Udalari esker, hiri erdigunea guztiz atondua daukagu, gure auzoetan plaza duinak ez ditugun arren. Zinemak supermerkatu edo denda erraldoi bilakatu dira, eta saltoki-gunez josi gaituzte. Egun, asteko zazpi egunetan ogia frankizia denda batean eros dezakezu. Azken boladan, ingurumenarekiko bat-bateko ardura sartu omen zaie eta Bilbo Bizi bizikleta elektrikoak jarri dizkigute, nahiz eta bidegorritik ibiltzea arrisku-kirol bihurtu den. Nik jada buruz dakizkit bere zulo, menditxo, kurba itxi eta alkantarilak! Bilbotarron denbora-pasa egunerokotasunean bizikletaz kotxeak saihesten ibilitzea da, metro bidaiko euro bana ordaintzea diru-zorroa arriskuan jartzea ere badelako.
Baina egon gaitezen lasai, Bilboko Udalak guretzako plan perfektua egina baitu: astean zehar soldata kaxkar baten truke lan egin (langabezian ez bazaude). Lagunak, bikote edota familiarekin denbora pasatu, zertarako? Hartu kotxea eta joan zaitez gimnasiora gorputza mugitu eta bide batez jendea ezagutzera. Bestela ziur mugikorreko aplikazioren bat topatuko duzula lagunak egiteko, baina badaezpada mantendu distantzia, bi eguneko erlazioa baino ez da izango. Eta ez ahaztu, eguerdiko bazkalorduko tartetxo horretan betiko menua izango duzu prest arrapaladan irensteko. Udalaren berezitasuna: indabada.
Eta asteburuetan zer? Adibidez, itsasadar ertzeko taberna moderno batean kaña bat har dezakezu 2,5€rengatik, edo periferiako Bronxen itxura duen auzo gentrifikaturen bateko merkadillo hipsterrera hurbil zaitezke. Makroekitaldi musikalak ere milaka ditugu urtero. Eta asteburu borobilarekin amaitzeko, badakite igandetan paseo txominderrak gustatzen zaizkigula. Guggenheim efektuaren bigarren pelikula ikustera joatea ere plan paregabea izan daiteke: batzuek Manhattan deitzen dute; beste batzuek Zorrotzaurreko irla; baina hiltzen utzi nahi izan duten auzo bat dago bertan aspalditik: Deustuko Erribera.Hiriko parkeek ere zerbitzu ezin hobea eskaintzen dute. Bertan pertsona bakar batentzat diseinatuta dauden bankuren baten jesarri (badaezpada ez zaitezen norbaitekin hitz egiten hasi) eta mazeta batean jarri dituzten plastikozko loreen lurrina usaintzera joan zaitezke.
Hori gutxi balitz, hiri eredugarri honetan munduko alkaterik onena izan dugu, aurreko urtean Europako hiririk onenaren saria jaso genuen eta Espainian kokatua dagoen bigarren hiririk garbiena daukagu. Beraz, ez daukazu triste edo bakarrik sentitzeko aitzakiarik, hiria zure neurrira egina dago eta! Egunero antsietate, depresio edo tristura artean bizi bazara zure errua baino ez da.
Handinahikerietan dabiltzan bitartean, hiritarrak alde batera utzi dituzte, hiria interes pribatuen putzura jaurtiz. Kontuz, horrela jarraituz gero itotzeko arriskua daukagula! Beraz, nik argi daukat, kartera eta kontu korrontea billetez gainezka baldin badaukazu, zure tokia aurkitu duzu. Inbertsioak eta espekulazioa, turistifikazioa, etxebizitzen prezioen igoera, gentrifikazioa, zerbitzu lanen prekarizazioaren areagotzea, lurren pribatizazioa eta espazio publikoaren ahultzea eta erabilera elitista ematea… Hau da gure Bilbo global city: %99,9 irabazi ekonomiko eta interes pribatuen menpe, %0,01 herrikoia = %100 neoliberala
Hala ere, hor nonbait auzotarron oihuak entzun daitezke: hasi dira Alde Zaharrean, nahiz San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharrean auzoak berpiztu nahian, eta 1. barrutian ere zerbait mugitzen hasi da, auzoak bizirik daudela gogorarazten. Haien auzoetan elkar-bizi eta auzoa auzotarren behar eta nahien arabera eraiki nahi dutela aldarrikatuz.
Bilboko sarreran kartelak argi dio: Ongi etorri Bilboko jolas-parke eder honetara. Eta behealdean letra txikiz idatzita “hiri honetan pobreek ez daukate lekurik” irakur daiteke. Beraz, badakizu: etorri, ikusi, gastatu eta alde egin. Ez zaitez behar baino gehiago geratu, badaezpada, txanponaren beste aldea ikus ez dezazun.