We can't find the internet
Attempting to reconnect
Something went wrong!
Hang in there while we get back on track
Feminismos
Loratzeak
Gehiago idatzi behar dugu, gehiago, bizi ditugun indarkeria-egoerei izena jartzen ikasteko, eta izendapen horiek ahalik eta azkarren geureganatzeko, idazten eta salatzen jarraitzeko.
Lagun batek sorgin-ehizari buruzko testu bat idatzi behar du, eta aholkua eskatu dit. Ez omen duela ‘jazarpen’ hitza bere sentitzen, eta ea nola eman dezakeen aditzera kontzeptu bera beste berba batekin. Ez gara gai ezta azalean burdina goriz markatuta daramatzagun zapalkuntza-mota desberdinak adierazteko modu erosoak aurkitzeko ere. Gehiago idatzi behar dugu, gehiago, bizi ditugun indarkeria-egoerei izena jartzen ikasteko, eta izendapen horiek ahalik eta azkarren geureganatzeko, idazten eta salatzen jarraitzeko.
Baina, hain justu ere, hori da emakumeoi sarri egozten zaiguna: niretik idazten dugula, guretik. Eta egotzi diot, nahita, halako salaketa moduko bat egoten baita baieztapen horren atzean, esanez bezala “zuek ez duzue ezer sortzen, zuek zuen barruak husten dituzue paperaren gainean”. Bakarrik falta zaie eranstea: “Hori besterik ez”. Horrek esan nahi du, zera, gizona bazara zilegi duzula inon izan ez diren gatazkak eta pertsonaiak sortzea, zilegi duzula inoiz bizi izan ez duzun abortu baten kontakizun dramatizatu eta distantziatua egitea, eta zilegi duzula autofikzioa idaztea, ze, nola ez, gizonen bizitza beti da arras interesgarria, oilo-larrua jartzeko modukoa. Baina, hara, emakumea bazara, ez idatzi, adibidez, abortatzeko eskubideak berekin dakarren erabakitze-ahalmenaren praktikak eragiten dizkigun kontraesan eta saminez, ze, jakina, hori ez da sormen-lan bat, hori da, ez dakit, autolaguntza-liburu bat, edo, hobe, mukizapi kolektibo bat.
Gutxi idatzi dugu, eta orain, idatzi eta argitaratzeko bideak eraiki ditugunean, gaindituak sentitzen gara. Halako presioa sentitzen dugu, ezen, iritzi-artikulu bat idaztera jarriz gero, goitik beherako tesi-lan bat idatzi nahi dugula. Ikusgaitasuna dugu lehen helburu, baina ikusgarritasuna ere eskatzen digu barruak. Eta hori, jakina, ezin da beti lortu. Ezin gara beti jardun irudimentsu, beti koherente, beti zorrotz. Gaueko ordu txikietako buru-argitasun urriarekin ahal duguna (eta apur bat gehiago, beti apur bat gehiago) egiten dugu. Gero, galdetzen digute, “zer esan nahi zenuen lehengoan artikuluko azken aurreko esaldian? Eta pentsatzen duzu: “Lur, oi lur, irents nazazu, otoi” (hortxe, literatura poxi bat). Esan nahi baita, esan nahi baituzu, nik lau berba idatzi besterik ez nuen egin, neguko egun lehor batean, urteetan pilatutako neke existentzial kolektiboak bultzatuta. Jainkosek libra gaitzatela sator-zuloetan ezkutatzetik.
Sorginak gara, askatasun egarriz gauden emakumeak, eta kapela, erratz eta sudurluze pikortatsuak sutan erre eta ostertzetik harago hegan egin nahi dugu, gure gaitasunekin, gure eskubideekin, gure ezintasunekin. Gure arrazoi eta kontraesan guztiekin.
Aurtengo neguan, neuzkanak eta ez neuzkanak eman ditut liburu bat itzultzen. Ahaztu zait bazkaltzea, ahaztu zait arropak garbigailutik ateratzea, ahaztu zait umeei kasu egitea, ahaztu zait neure burua zaintzea. Armairuak zabaldu ditut, eta arropa garbirik ez. Hozkailura jo dut, eta janari ustela nonahi. Eta pentsatu dut: bizikide heldurik banu, gauza bera gertatuko litzateke? Bizikide hori gizonezkoa balitz? Eta ni neu gizonezkoa banintz, eta bizikidea emakumezkoa? Edo biok gizonezkoak? Erantzun probableenak ere aurkitu ditut, jakina. Eta bai, kiniela eginez gero, guztiak igarriko zenituzke.
Eta, zer itzuli duzu? Bada, Silvia Federiciren azken liburua, Mundua berriz liluratuz (Katakrak, 2019). Esate batera, hauxe:
“(…)Gizarte-harremanak hautsi egin dira, asteak ematen ditugulako gure pantailen aurrean, eta galdu egin dugu kontaktu fisikoaren eta aurrez aurreko solasaldien plazera; komunikazioa azalekoagoa bilakatu da.
(…)Ordenagailuaren erabilerak abiadura handietara ohitzea ekarri du, eta horrek ezinegon gero eta handiagoa eragiten digu pertsonon arteko eguneroko harremanetan, interakzio horiek ezin dutelako berdindu makinaren abiadura”.
Orain, itzulitako liburuaren maketa jada inprentan dagoela, zeure buruari begiratzen diozu, eta egutegiari, eta kalkulatzen duzu argazkilaritza-ikastaroko zenbat klasetara egin duzun kale, herriko talde feministaren zenbat bileratara ez zaren joan (esan egia: batera ere ez), etxean sartuta eman dituzulako bulegoz kanpoko ordu gehienak, ordenagailuaren aurrean jarrita, zer-eta Federiciren beraren hitzak euskarara ekartzen. Bai, horiexek berak, sabela ostikatzen dizutenak.
Min ematen dit Federicik. Nire intuizioak baieztatzen ditu, eta nire ezintasunak agerian jartzen. Biluztu egiten nau, larrugorritu. Ahaztu nahi ditugun irudiak jartzen dizkigu begien aurrean, usaindu nahi ez dugun kiratsa sudurpean, eta gordin jarduten zaigu, oso gordin. Hala dio Peter Linebaugh historialari marxistak, liburuaren hitzaurrean:
(…)Federici ez da samurtu urteekin. (…)Ez du alferreko hitzik esaten. Beti bezain gogorra, zorrotza eta trinkoa izaten jarraitzen du. Gaztaroko sugarra ez zaio ahitu, txingartu, eta, hari esker, emakumeen eta gizonen belaunaldi berri bat piztu du mundu osoan.
Udaberri ona izan, eta loratu. Loratu ahal duzuen bezain zabal, indartsu eta koloretsu. Eta behar beste zaratatsu.