We can't find the internet
Attempting to reconnect
Something went wrong!
Hang in there while we get back on track
Arqueología
Irulegi pop!
Azaroaren 14tik, Nafarroako Gobernuak eta Aranzadi Zientzi Elkarteak Irulegiko eskua aurkeztu zutenetik ia lau hilabete pasa direnean, Euskal Herri zabaleko txoko ezberdinetan brontzezko eskua presente dago. Izan ere, klase ertaineko euskaldunok begi onez jaso dugun berria izan da hau: askoren identitatearen zentzuan sakondu du eta gatazka politikoz nahiko larri gabiltzan garai honetan, euskarri ederra agertu da geureari zentzua emateko. Pop fenomeno berri baten aurrean gaude.
Aurkikuntzaren berri izan nuenean, inork entzuten ez gaituen momentu honetan aitortuko dut, zirrara berezia sentitu nuen. Historia ikaslea nintzenean jakin-min handia sortzen zidan protoeuskararen gaiak eta ikerketa esparru hori zabaltzeko gertatzen ziren aurkikuntza arkeologikoak opari bat iruditzen zitzaizkidan. Aurkikuntzaren berri eman zuten ikerlarien izenek lasaitasun handia eman zidaten, eta Iruña-Veleia auziaren ondoren ez naiz hori sentitu zuen bakarra. Nafarroako lehendakaria Maria Chivite beraren babesa agerian zelarik, modu batean Trantsizioan bezala, dena lotu-lotua zegoeneko irudikapena nuen. Hedabideetako lehen oihartzunaren ondoren, besterik gabe pasako zelakoan.
Orduan Durangoko azoka heldu zen eta bertan ikusi nuen Irulegiko eskuaren iruditegia kontrolik gabe bizi zela. Gorka Bereziartuak aurkikuntza aurkeztu eta egun gutxietara argitaratutako testua oso motz gelditzen zen Plateruena plazaren erdi-erdian kartoiz egindako hiru metroko eskuarekin konparatzen badugu. Eta hortik, Bilboko kaleetan poltsak, lepokoak, itsaskinak, pinak, kamixetak topatzera ordu batzuk besterik ez ziren pasa. “Gu” berri bati zentzua emanen dion aurkikuntza bilakatu da Irulegiko eskua.
“Grafia zeltiberiarra, bigarren burdin aroko kultura materiala, erromatar kulturak bultzatutako aldaketak eta harreman sozial ezezagunak zituen gizarte desorekatu bat daude eskuaren atzean”
Sinesmenaren, identitatearen eta ideologiaren eremuan kokatu da aurkikuntza, ikerlari eta pentsalari askok gomendatzen zutenaren aurka. Mota honetako aurkikuntzen interpretazioa ez baita estatikoa, beste aurkikuntzen emaitzekin moldagarria da, eta, batez ere, oso konplexua. Horregatik Estatua, hizkuntza, historia, identitatea eta herria ezin dira aztarna arkeologiko batean kondentsatu. Baina egun euskal mainstreamak elementu horiek guztiak batzen dituen objektua bilakatu du eskua.
Aranzadik eta ikerlariek argitara eman dituzten emaitzekin kritikoak diren lan zientifikoak argitaratzen ari dira, grafiaren irakurketari emaitza ezberdinak ematen diotenak, bertan agertzen den hizkuntza ezbaian jartzen dutenak. Horrek guztiak ez dio Irulegiko aztarna arkeologikoari baliorik kentzen, baldin eta ez badugu uste Euskal Herriaren zilegitasuna demostratzen duen objektu historikoa dela. Hau dena, jabetza intelektualaren gatazkarekin eta errentagarritasun ekonomikoarekin nahasita.
Irulegiko eskuan euskararen arbasoa egon daiteke baina askoz gauza gehiago daude: grafia zeltiberiarra, bigarren burdin aroko kultura materiala, erromatar kulturak bultzatutako aldaketak eta, batez ere, harreman sozial ezezagunak zituen gizarte desorekatu bat. Hori dena dago eskuaren atzean.