We can't find the internet
Attempting to reconnect
Something went wrong!
Hang in there while we get back on track
Política
Independentzia politikoaren garrantzia
Gazte Topagune Sozialistaren hirugarren edizioa egin zen Durangon Gazte Koordinadora Sozialistak eta Ikasle Abertzaleek antolatuta. Uztailaren 20an hasita 23ra arte askotariko eskaintza kulturala, kirol ikuskizunetarako tartea eta formakuntza politikoa oinarri duten hitzaldi, mahainguru eta tailerrak egin ziren.
Iragan den Gazte Topagune Sozialista batasun politikorako ezinbestekoa izan da. Aisialdian eta ospakizun giroan bizpahiru egun igarotzeak komunitate politikoaren kidetasunean eraginik badu ere, badakigu, oinarrian, indargunea batasun politikoaren existentzian dagoela. Hau da, komunitate baten potentzialitate erreala adostasun estrategiko eta taktikoan oinarritzen da, ez pertenentzian. Komunitatearen elkartasun horrek beraz, nahi eta nahi ez eskatzen du eztabaida, formakuntza eta kritikarako prestutasuna militantziaren partetik. Funtzio hori ere bete du Topaguneak, Mugimendu Sozialistaren tesi berrituak eta hausnarketa garatuak aurkezteko plaza izan baita.
Juventud
Gazte Koordinadora Sozialista “Sozialismoaren ulerkera berritu bat dugu”
Plazaratu dugun edukitik garrantzia eman nahi diot independentzia politikoaren auziari. Izan ere, Topagunean behin eta berriz errepikatu den gai bat izan da, berau baita Mugimendu Sozialistaren estrategiaren oinarrian dagoen printzipioetako bat. Independentzia politikoaz ari garenean, antolakuntza- eta ideologia-autonomiaz ari gara, finean, kapitalaren logika eta dinamikatik kanpo kokatzen den mugimendu politiko batez. Analisiaren abiapuntua kapitalismoaren eta bizi dugun errealitatearen ulerkeran eta kritikan oinarritzen bada ere, Mugimendu Sozialistaren proiektu estrategikoa gizarte kapitalistaren gainditzean datza, klaserik gabeko gizartearen eraikuntzan, eta horrek politika egitea eskatzen du sistema honek eskaintzen dituen aukeretatik haratago. Auzi konplexua da independentzia politikoarena, inplikazio asko baititu, esaterako organo eta instituzio berrien eraikuntza eta pentsamendu-sistema berri baten eraikuntza. Beraz, bataila kultural garrantzitsu bat inplikatzen du proletalgoarentzako politika iraultzailea egiteak.
Hasteko, eta estatu-aparailuek duten boterea arbuiatu gabe, instituzio-sistema osoa, botere burgesaren eta gizarte burgesaren sostengurako garatutako organigrama bezala ulertu behar dugu. Estatu-aparailuetan dagoen boterearen dinamikak, kapitalaren logika indartzea du helburu, hau da, klaseetan banatutako gizartearen oinarriak mantentzen ditu. Hortaz, proletalgoaren mesederako garatutako politikarik ezin garatu daiteke Estatuan integratutako alderdi politiko baten bidez. Kontrara, burgesia eta oligarkia elikatzeko erreminta bat da. Garaian garaiko erreformen nolakotasunaren arabera langile klasearentzako ogi apurrak eskuratu badaitezke ere, ez da krisi garaietan gertatu daitekeen zerbait. Alderdi politikoei eskaintzen zaizkien baliabide ekonomiko, propagandistiko edota tresna ideologikoak Estatuaren integratzearen truk eta hortaz berau legitimatzearen truke dira. Era berean, baliabide hauek eskaintzen dituenaren nahietara moldatutako politikak inposatu ohi dira, petrolio-enpresa handien, banku zentralaren edo beste edozein finantzazio iturriren mesedetara.
“Politika burgesiak ezarri duen markotik haratago teorizatu eta praktikan jartzeko, komunismoa aukera erreal gisa mahaigaineratu eta honen ulerkera gaurkotu bat plazaratu behar dugu”
Alderdi politiko instituzionalak, zuzenean eta zeharka, proletalgoaren antolakuntza politikoaren oztopo erabakigarriak dira. Batetik, eta asko dira adibideak, gaur egun alderdi sozialdemokrata bezala gorpuztuta daudenak kutsu eraldatzailea izan duten mugimenduen edo eragileen neutralizazioaren bidez instituzionalizatu dira. Hau da, politika eraldatzaile edo erradikalak itzali dituzte hauteskundeetan esperantza izpiren bat pizteko. Beste alde batetik, alderdi politiko ia guztiek, azken urteetan ikusi dugun bezala, askatasun politikoen etengabeko urraketak baimentzen eta hauspotzen dituzte politika komunista burutzeko baldintzak etengabe dekretu bidez ezabatuz. Kontrol sozialaren eta totalitarismoaren gorakadak militatzeko baldintzak zailtzen ditu. Azkenik, komunismoa bera alternatiba erreal gisa ezabatzen dute, antolakunde komunisten aurkako difamazioaren bidez, ideologia antikomunistaren bidez, komunismoa esperientzia zein proiektu gisa gutxietsiz… Utopia gisa saltzen dute kapitalismoaren abolizioaren bidezko gizarte eredu berri baten eraikuntza eta errealista gisa promesa hutsalez osatutako ezin gauzatutako programa bat. Komunismoaren berregituratzea imajinario kolektibotik desagertuta dago, proletalgoak miserian eraikitako, frustrazioz eta alienatutako bizi eredu bat soilik irudika dezakeelarik.
Zentzu horretan, independentzia politikoz jarduteak, politika burgesiak ezarri duen markotik haratago teorizatzea eta praktikan jartzea eskatzen du. Komunismoa aukera erreal gisa mahaigaineratu eta honen ulerkera gaurkotu bat plazaratzea. Era berean, Estatu-aparailuekiko independenteak diren organo instituzionalak eraiki eta hauen funtzionaltasuna frogatu behar da proletalgoaren interesak garatu, beharrizanak ase eta benetan proletalgoaren mesedetara egongo diren tresnak garatuz. Finean alderdi komunistaren enbrioia osatuz aritzeko independentzia politikoa ezinbesteko printzipio bat da eta horretan jardungo dugu.