We can't find the internet
Attempting to reconnect
Something went wrong!
Hang in there while we get back on track
Opinión
Euskaraldia, aldi batez edo aldi oro?
Euskaraz aritzeko aukera gero eta gutxiago dugula pentsatu dut. Baina beharbada, gero eta euskara gutxiago dakit eta dakigu, eta ondorioz, erdaraz betetzen dugu ezjakintasun horren hutsunea
Zergatik? Beharko luke eta izango da. Etorkizunari hitz egiten diogu euskaraz dihardugunean. Baina eta zer da? Zer izan da? Eta zertan bihurtu dugu? Gaur ni neu jarriko naiz galdera hauen erdigunean. Buruari bueltaka ibili naiz azken aste hauetan. Euskaraldia kale kantoietan. Euskaraldia denen ahotan. Nirekin euskara. Baina eta nik zurekin? Ez dakit zure hizkuntza zein den, ez dakit ulertuko ote didazun, baina tira erdarara joko dut. Halako kezka bat sortu zait nire barrenean: zergatik ez dut euskaraz egiten? Betiere, euskaraz ez egitearen errua besteei botatzeko joera dugu. Aitzakiaz betetzen dugu gure barrenean aurkitu ezin dugun justifikazioa. Eta orduan zer da euskaldun izatea? Euskara jakin eta ez erabiltzea?
Konturatuko zinen honezkero ZU era tartean sartu zaitudala. Erantzunak aurkitu nahian hipokrita hutsakgarela ohartu naiz. Bai, zu eta ni, gu biok. Euskaraz aritzeko aukera gero eta gutxiago dugula pentsatu dut. Baina beharbada, gero eta euskara gutxiago dakit eta dakigu, eta ondorioz, erdaraz betetzen dugu ezjakintasun horren hutsunea. Euskaldunak bareari so, burugogorrak omen gara. Baina irudipena dut tematuegi gabiltzala lortu behar dugun horren arduraz, eta gure esku dagoena galtzen ari garela.
Gustatu edo ez, euskarak halako ziurgabetasun bat sortzen digu. Askotan erdaraz asetzen duguna. Baina zer da “euskara hutsez” bizitzea? Erosoegi zaigu gure hizkuntzan sortzen zaizkigun hutsuneak makuluz betetzea. Izan gaztelaniaz, nahiz ingelesez. Eta hare erosoagoa herri bat euskalduntzea “Euskaraz bizi gara” lelopean. Baina euskaraz bizi nahi badugu, eta sinesten dut baietz, gure barnetik hasi beharra daukagu. Euskararen arazoa ez dago kalean, baso bat ur nahi duzula ulertu ez dizun zerbitzarian, gure erabakietan baino. Ez da berdina “ezagutza” eta “erabilera”, eta euskararekin pasatzen den egia bat da, euskara dakien gero eta jende gehiago dagoela, eta erabiltzen duen gero eta jende gutxiago. Euskaraldiak balio izan beharko luke zer, non, nor, noiz eta nola galderei erantzuteko. Guk euskara edozein lekutan, euskaraldian eta euskaralditik kanpo, euskaraz hitzegiteko, hain zuzen ere.
Egun batek dituen hogeitalau orduetatik euskaraz bizi ditugun orduak gutxi dira. Euskaraldiarekin, beharbada, mugikorra euskaraz konfiguratuko zenuen, eta dut. Euskaraz mintzatzearen eta euskara arnastearen beharraz ohartuko zinen, eta naiz. Baina ustekabean pasako zitzaizun, baita niri ere, euskaraz konfiguratu duzun mugikorrean sare-sozialak erdaraz kontsumitzen dituzula. Eta kontzientzia hartu beharko zenuke, ni tartean, zenbat denbora ematen dugun Netflix-ek dituen euskaraz betetako aukerei begira. Ez naiz zure aukerak zalantzan jartzen ari, nire aukera ere bai baitira. Baina uste dut ez dela berdina beste hizkuntza bat tartekatzea, edota euskara beste hizkuntza batekin ordezkatzea. Euskarari bere lekua eman behar diogu, beste batzuek bete ez dezaten bere tokia. Ez uste?