We can't find the internet
Attempting to reconnect
Something went wrong!
Hang in there while we get back on track
Educación
Bozketa amaiezinak
Hauteskundeetan oinarria duen sistema batek, demokrazia parlamentarioak esate batera, bozketetan ateratzen diren emaitzak –eta horren ondorioak– bermatzeko sistema bat du. Alegia, hauteskundeak lau urtetik lau urtera egiten dira, eta ez boterean dagoenari gogoa ematen dionean.
Nafarroako Hezkuntza Departamentuan, ordea, emaitzen ondorioak bermatzea ez dago lehentasunen artean, eta hauteskundeak sistemaren barnean boterea dutenek –kasu honetan, ikastetxeetako zuzendaritzek– nahi dutenean egin daitezke. Beraz, urtero egin daiteke jardunaldi eredu baten inguruko bozketa, zuzendaritzan daudenek nahi dituzten emaitzak atera arte. Nola deituko lioke botereak horri, bere intereseko tresna bat ez balitz?
“Etorkizuna beltz samarra dela ematen du, Nafarroako hezkuntza sistemak dituen benetako aferei begirada aurrerakoi eta demokratikoarekin aurre egin nahi ez izateagatik”
Bermerik gabeko sistema horri esker, Nafarroako ikastetxe askotan, jardunaldi jarraia ez duten horietan, bozketak egiten dira urtetik urtera. Gainera, prozedura horiek lehentasuna dute beste batzuen aldean, eta, beraz, bigarren mailara pasatzen dira irakaskuntzarekin, heziketarekin, komunitatearekin eta ikasleekin harreman zuzenagoa duten gai asko. Halere, ondorio zuzen horretaz ez du inork ezer esaten.
Gaur egun, Nafarroan bermerik gabeko prozesu bat gertatzen ari da. Askotariko interesak ezkutatzen baditu ere, familiak, haurrak eta hezkuntza komunitateak dira larrutik ordaintzen dutenak. Hori, ordea, inor gutxiri inporta zaio.
Etorkizuna beltz samarra dela ematen du, baina ez jardunaldi jarrai edo zatituagatik, baizik eta Nafarroako hezkuntza sistemak dituen benetako aferei begirada aurrerakoi eta demokratikoarekin aurre egin nahi ez izateagatik.