We can't find the internet
Attempting to reconnect
Something went wrong!
Hang in there while we get back on track
Literatura
Alaine Agirre: “Zeharkatzen nauen eta gorpuzten dudan horretatik dator nire literatura”
Alaine Agirre (Bermeo 1990), 'X hil da' , 'Bi aldiz erditu zinen nitaz ama' eta 'Karena' bezalako eleberrien autorea da, besteak beste. Idazleak, ez bakarrik bizi dituenetatik, baizik eta inporta zaizkion, irakurtzen dituen, kezkatzen duten eta beregan dauden esperientzietatik sortzen du. Ez du, adibidez, bigarren mundu gerraz idazten, ez duelako zeharkatzen duenik sentizen. Baina idazten du, esaterako, desberdina izatearen minaz, kabitu ezinaz edota norantz jo ez jakiteaz.
“Irakurri. Mindu. Mamitu. Itsasoratu. Idatzi”. Horretan datza zuretzat bizitzak?
Esango nuke naizenaren eta nire bizitza izaten ari denaren esentzia dela hori. Irakurtzeagatik ulertu dezakezu mundua eta bizitza pasa ahala minak ere pilatzen doaz, baten batzuk, momentuan ezin deskorapilatu, eta zure haragiaren parte bihurtzen dira, zarenaren mami. Min horiek kanalizatuz iristen naiz itsasora, ondorioetara, aldi berean katartikoa eta baketsua den leku horretara: eta hori idazteari esker egiten dut.
Sentimenduak eta pentsamenduak aldarrikatzeko modu bat da literatura?
Ez diot jartzen nire buruari literatura definitzeko ariketa, tortura bat litzateke literaturak niretzat dituen esanahiak eta eman dizkidan esperientziak, konfiguratu nauen modua, pertzibitzen dudan modua… hori guztia hitzak eta ideiak diren kaxoi txiki horietan sartzea. Txikia nintzenean haserretu egiten nintzen hizkuntzarekin, izugarri maite dudan arren zehatzegia egiten zaidalako gauzak sentitzen eta pentsatzen dudan moduan adierazi ahal izateko. Baina bai, noski, literaturak, beste gauza askoren artean, badaki aldarri egiten.
Zertan desberdintzen dira Alaine sortzailea eta hartzailea?
Hauek ere ez daude hain banatuta, nire kasuan. Sortzea, niretzat, ez da eleberriak idatzi eta argitaratzea bakarrik, jolastea da niretzat sortzea, eta jolas hori edozein momentutan eta lekutan atera daiteke. Sortuz jolas egite hori ume-umetatik datorkit, ez dut sentitzen hasiera duenik ere, beti egon baita hor, esango nuke, jasotzearekin lotuta. Gaur egun ere, nigan oihartzun egiten duen liburu batek kontrakzioetan jarri ahal nau, eta hortik testu batez erditu naiteke.
“Euskaraz idaztea egunero egiten dudan hautu bat da, modu kontzienteagoan ala ez”
Zer da, adjektiboen artean, komarik ez erabiltzean irakurleei helarazi nahi diezuna?Niretzat, idazterakoan, edukia eta forma biak dira berdin garrantzitsuak. Kontatzen nabilena intentsoa delako kentzen ditut batzuetan komak, eta intentsitate hori, ez bakarrik edukiz, formaz ere transmititu dezakedalako. Erritmoa azkartzen du, hitzek bata bestearekin estropezu egiten dute, eta nahiko nuke efektu horrekin irakurlearen taupadak azeleratzea, arnasa estutzea.
Euskaraz idaztea hautu propio bat izan da?
Bizitzako momentu askotan egin izan didate galdera, betiko galdera: “zergatik ez duzu gaztelaniaz idazten?”. Eta erantzuna beti izan da berdina; intuitiboagoa zen nerabea nintzenean, politizatuagoa da egun. Erabaki nezakeen gaztelaniaz gehiago irakurtzea, gaztelaniari arreta gehiagoz erreparatzea, baina barruak ez zidan hori eskatu, eta, kontrara, euskaraz idaztea, bizitzea, eskatzen dit. Egunero egiten dudan hautu bat da, modu kontzienteagoan ala ez. Eta erresistentzia ere egunerokoan egiten dut, gauza txikiekin.
Idazle zarenean emakume izateak eragina du?
Emakume izatea, euskalduna, ez heteroa, neurodiberjentea, iraganean gorputz ez normatibo baten jabe… izatea bezala, guduzelai batean bizitzea da. Noski gutxietsi nautela (ez bakarrik gutxietsia sentitu naizela) eta noski duela eragina emakume izateak sortzerakoan, gorputzean dudan guzti horretatik baitator nire literatura.
“Irakurle batzuek nire liburua beraien minarentzat besarkada bat dela esan izan didate”
Idaztea etengabe galderak egitea dela esan ohi duzu. Nolakoak izan dira orain arte jasotako erantzunak?
Galdera hau ere ezingo nizuke hemen, orain, laburrean erantzun. Nobela bat idatzi beharko nuke galdera horren erantzuna bilatzeko, ulertzeko, ordenatzeko, integratzeko. Baina esan diezazuket bizi izan ditudanak dijeritzen laguntzen didala idazteak, begirada barrura bideratzen (hain bizi gara bortizki kanpoan, bortizki azkar, bortizki besteei emana), munduari beste leku batetik begiratzen, bizitzari desafio egiten.
Zure istorioetako asko gordintasunez eta gardentasunez daude idatzita.
Irakurle batek kontatzen didanean berarentzat momentu horretan gehiegi izaten ari dela liburua, mingarriegia dela, ez naiz gaizki sentitzen: uzteko esaten diot. Liburu batzuk ez dira denontzat, eta guretzat diren liburuek ere beren momentua dute gure biografian. Beste batzuetan termino horiek nire idatziak goraipatzeko erabili izan dituzte, irakurle batzuek, adibidez, nire liburua beraien minarentzat besarkada bat dela esan izan didate, eta noski, horrek poza ematen dit, ikusten dudalako batzuei balio diela nire literaturak, den bezalakoa izanda.