We can't find the internet
Attempting to reconnect
Something went wrong!
Hang in there while we get back on track
Juventud
Bizitza ibilbide iraunkorrak eraiki
Konfinamenduak agerian utzi du bizitza proiektu hauskorren eta bizitza estrategia ezaren egoera. Bizi ibilbide indibidualak eta kolektiboak berreraikitzeari heldu behar diogu.
Suertatu zaigun deseskalada aro berezi honetan, hamaika hausnarketa eta eztabaida entzuten ari gara egin beharreko urrats politikoen harira. Konfinamenduak ekarritako anabasa emozionalaz ere hitz egin da, itxialdi behartuan egon garen bitartean egunerokotasunaren frenesiak estaltzen dituen mamuen zein epaiketa pribatuen tupusteko agerraldiak gertatu direlako. Edozein kasutan, bada azpimarratu beharreko galdera bat, zeinaren atzean uste baino erronka gehiago ezkutatzen diren: “Eta orain, zer?”. Galdera horretan norabide eza antzematen da; finean, esan daiteke bizitza proiektu hauskorren eta bizitza estrategia ezaren adierazlea dela. Egia esan, bizitza estrategia baten gabezia eta bizitza proiektuen hauskortasuna ez dira gauza makalak.
Ondorengo lerroetan, bizitza espektatiben gaineko norabide ezaren ondorioak dimentsionatzen saiatuko naiz, esaldi nimiño horren atzean datzan une historikoa zirriborratzeko asmoz. Hausnarketa horri heldu ahal izateko, lehenik eta behin, espektatiba biografikoez hitz egin behar dugu. Espektatiba biografikoak naturalizaturiko bizi ziklo estandarizatuen ondorio dira, eta gure eguneroko estrategia zein hautuek bizi ziklo horien ildoari jarraitzen diote. Are gehiago, norbanakook garai biologiko (edo adin) bakoitzari lotutako rol zein funtzio espezifikoak bete ohi ditugu, sozialki eraikia den bizi zikloaren narratibaren gainean. Subkontziente kolektibotik abiatuta, narratiba horrek gizartean dugun lekua definituko du hein handi batean. Hau da, berandu baino lehen ohartuko gara gure bizi ibilbidean bide orri hegemoniko horri jarraituko diogula ala, bestela, kontra egingo diogula: ikasketak-enplegua-bikotekidea-hipoteka-haurrak-jubilazioa-bilobak. Bizitza sostengatzeko estrategiak eta taktikak ezinbestean buruan dugun mapa kolektibo horren arabera eraikiko ditugu, fase bakoitzean haur-nerabe-gazte-heldu-zahar segmentuen rolak eta helburuak jarraituz. Esan bezala, bide orri horren arabera ezartzen ditugu sozialki gure bizi espektatibak, baita baliabide eta politika publikoak ere, eta orobat egonkortasun eta arrakasta edo porrot sentsazioak.
Azken hamarkada honetan, ordea, etengabeko krisi bortitzak direla medio, bizitza ziklo horien faseak luzatu egin dira, faseen arteko hausturak eta intermitentziak areagotuz. Ikasketa garaiak luzatu egin dira denboran, eta atzeratu egin da gurasoen etxetik emantzipatzen direnen adina. Haurrak izateko adina ere urterik urte atzeratzen ari da, umeak eduki nahi dituztenen kasuan. 5,2 urteko aldea dago espero zen adin tartearen eta adin tarte errealaren artean, INE-k emandako datuetan. Enpleguari dagokionez, langabezia tasak eta kontratuen prekarizazioak gutxitu egin dituzte lan ibilbide bat eraikitzeko dauden aukerak, eta ohikoa bilakatu da enplegu eta lan esparru batetik bestera aritzea. Ezegonkortasun eta haustura horiek irrigarri bilakatu dute “bizitza osorako” estamentua: bizitza osorako enplegua, bizitza osorako etxebizitza/bizilekua, bizitza osorako bikotekidea, bizitza osorako lagun sareak… Zartadura horiek oso sakonak diren ezinegon existentzialak ernatu dituzte. “Ezer ez da finkoa, ezer ez da betiko” dugu mantra berria, eta horrek alerta egoera etengabean mantentzen gaitu ezinbestean, baita zaurgarritasun emozional sakon eta intimo batean ere. Esan bezala, ezinegon xelebre horrek dimentsio existentzial sakonak ditu. Nor naiz? Zeintzuk dira nire sareak? Bizitzako zein puntutan nago? Zer nahi dut? Zer bide jarraitu behar dut lortu nahi dudana erdiesteko? Eta orain, zer?
“Zer gertatuko da egonkorra izan den azken belaunaldi hori desagertzen denean? Zenbat kasutan sostengatu ahal izango ditugu halako bizi-eredu ezegonkorrak?”
Belaunaldi batetik bestera gertatutako bizitza zikloen arteko haustura horrek bizitza zikloen itzulgarritasuna ekarri du, fase aldaketaren ideia bazterraraziz. Hamaika adibide ditugu gurean: 50 urteren bueltan langabezian geratu eta gurasoen etxera itzuli behar izan duten pertsonak; 30 urte beteta ere oraindik independizatu ezinik dabiltzanak; 35 urterekin guraso bakar izan nahi duten emakumeak, bizi duten ezegonkortasun ekonomikoa zein zaintzarako sare sendo baten gabeziaren ondorioz urrats hori eman ezinik daudenak. Askok, gainera, aurreko belaunaldien egonkortasunetik abiatuta eraiki ahal izan dituzte beren bizimodu ezegonkorrak: jatorrizko familiak eskainitako etxe bati esker independizatuz, aitona-amonen zaintza lanei esker haurrak heziz (bataz beste sei ordu eguneko), gurasoen dirulaguntzari esker hilabete amaierara helduz… Zer gertatuko da, ordea, egonkorra izan den azken belaunaldi hori desagertzen denean? Zenbat kasutan sostengatu ahal izango ditugu halako bizi-eredu prekario eta ezegonkorrak?
COVID-19aren ondorengo aroan, toki bat egin beharko diogu nolabait ezegonkortasun existentzial horri. Izan ere, bizitza eredu horien desestandarizazioa interesgarria izan daiteke bestelako alternatiba batzuk plazaratzeko garaian. Ezegonkortasun horrek badu, ordea, bere arriskua. Izan ere, zerbaitetan sinestetik eta identitate kolektibo bat izan beharretik hedatzen baitira kontserbadurismo irmoenak, gorrotoaren diskurtsoarekiko atxikimendu nabarmenenak. Hargatik, bizitza sostengatzeko egitura eta estrategia alternatibo iraunkorrak sortu nahi baditugu, ezinbestekoa da bizitzen ari garen hauskortasuna eta ezegonkortasuna politizatzea. Termino politiko eta ekonomikoez gaindi, behar-beharrezkoa da filosofikoki eta emozionalki ere porrotari, beldurrari, noraezari, bakardadeari, desilusioari eta antzeko sentipenei ere espazioa ematea. Krisi amaigabe hauetan eraitsi diren bizi espektatiba zein ibilbide indibidualak eta kolektiboak berreraikitzeari heldu behar diogu.