We can't find the internet
Attempting to reconnect
Something went wrong!
Hang in there while we get back on track
Coronavirus
Metropolien orainalditik etorkizunera
Bartzelona zein Madril bezalako metropoli erraldoiak aztertuz etorkizunari begirako hainbat erronka aurreikus daitezke. Digitalizazioa eta bizi ereduen eraldaketa erradikala dugu oraingoan hizpide
Lagunek maiz galdetu ohi didate nolakoa den bizimodua Madril aldean. Ez da erraza erantzutea, batez ere sei mila biztanle dituen Lezoko herritar izatetik hiru milioi biztanleko hiri bateko herritar anonimo bat gehiago izatera pasatu naizelako. Orokorrean, metropoliek badute “punta de lanza” efektu berezi bat. Hau da, hiri horietan orain gertatzen ari dena lauzpabost urte barru hasiko da hiri ertain eta herrietara heltzen, atzeraturiko uhin efektu bat eraginez. Hori da, agian, Madril bezalako espazioek duten gauzarik esanguratsuena, alegia, etorkizun hurbilari begirako leihatilatxo bat diruditela gehienetan.
“Ateko behatxulotik begira bagina bezala egoteak metropolitik mundurako saltoa egiteko aukera paregabea eskaintzen digu”
Pentsatzen dut ateko behatxulotik begira bagina bezala egoteak metropolitik mundurako saltoa egiteko aukera paregabea eskaintzen digula. Are gehiago: igarle batek bola magikoari begira egingo lukeen modura, etorkizuneko aldaketa hipotetiko batzuk plazaratuko ditut.
Asmatu berri dudan bola magiko honen lehen irudiek muturreko digitalizazioan bizi den gizartea erakusten dute. Ziur aski, zuen inguruan norbait entzun duzue kexaka, “ea noiz itzultzen garen lehenagoko formatura”, ezta? Arren, esan iezaiezue ezen, bola magiko honen arabera, behintzat, ez dagoela atzera bueltarik. Formatu mistoak (on-line/off-line) eta muturreko digitalizazioa ditugu etorkizun hurbileko eskenatokiak. Baina, nondik ateratzen dira halako irakurketak?
“Agerikoa da azken hilabeteetan migrazio masibo bat ikusi dugula, off-line mundutik on-line mundurako trantsizioarena”
Agerikoa da azken hilabeteetan migrazio masibo bat ikusi dugula, off-line mundutik on-line mundurako trantsizioarena. Digitalizazio hori giza jarduera eta harreman esparru orotara hedatu da, izan familia barrukoak edo lagunen artekoak, eta goitik behera eraldatu ditu unibertsitateetako klaseak zein enpresetako azpiegitura guztiak. Esperientzia digital horrek zerbait erakutsi badu da eskura ditugula, gutxi gorabehera, lehenagoko bizi eredua on-lineko munduan erreplikatu ahal izateko beharrezkoak diren baliabide teknologikoak. Digitalizazio masibo horrek bizi ereduak eraldatuko ditu goitik behera: lan eta ikasketa esparruak etxebizitzetan kokatuko ditu hein handi batean, eta herritarrei begirako zerbitzu gehienetan adimen artifizialaren bitartekotza txertatuko du, telefono lokuzioen edo bot digitalen bidez.
Hipotesi horiek jaurtitzeko, hiru aztarna topatzen ditut. Lehenik eta behin, gaur egun programatzaile eta garatzaile digitalei zuzendutako lan eskaintzen kopuruak gainerako lan eskaintzena hirukoizten du. Programatzaileak hamarkada honetako langile desiratuak ditugu ezinbestean, eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien esparrua, berriz, esploratu gabeko urre meategia.
Bigarren aztarna Europar Batasunaren Next Generation EU dirulaguntza planarena da. Espainiari krisia kudeatzeko emandako 140.446 milioi euroko aurrekontuan, bi ardatz nagusi aipatzen ditu, nahitaez bete beharreko baldintza gisara: ekologismoa eta digitalizazioa. Adituek Smart city jasangarriak deitzen diete etorkizunean ustez egongo diren metropoliei. Horietan, zerbitzu publiko-pribatu guztiek eta harreman orok aplikazio digitalen bitartekaritza izango dute, eta horrek garraioa, osasuna, hezkuntza zein aisia ulertzeko moduak eraldatuko ditu.
Hirugarren aztarna da enpresa publiko zein pribatuek onura ekonomikoak izan dituztela azken hilabete hauetan. Batetik, argi indarraren, wifiaren edota alokairuen kostuak murriztu ahal izan dira, “etxean lan egitearen” formula paregabeaz; gastu horiek langileek hartu dituzte beren gain, eta horrek kostuen desplazamendua eta indibidualizazioa ekarri du. Bestetik, produktibitate maila igo egin da orokorrean, eta ez soilik lan esparrua gure etxeko bulego inprobisatura ekarri dugulako. Izan ere, beldurra eta shock egoera kontuan hartu beharreko beste funtsezko aldagaia dira; inguruan gertatzen den guztiarekiko kontrolik ez izatearen sentsazioak kontrolatu dezakegunarekiko dedikazio maila areagotzea ekarri du, “behintzat lana galdu ez dezadan” logikapean.
“Errealitate gordina da komunikazio teknologien aro berriarena, inork ez du sentitzen benetan kasu egiten diotenik”
Nire bola magikora itzuliaz, bizi eredu ezegonkorrak normatzat dituen gizarte baten irudiak ikusten ditut. Aurreko batean, bizi ibilbide egonkorren galeraz hitz egin nuen, eta Oreretako lagun batek erantzun zidan “galera” hori azken urteetako belaunaldien fantasia edo asmakuntza bat izan dela, bere gurasoen eta aitona-amonen belaunaldiek desegonkortasuna bakarrik ezagutzen zutela. Lagun venezuelar batek zioen: anabasarik handiena zera izan da, COVIDa heldu dela egunean-egunean bizitzera ohituta ez dauden herrialdeetara. Antsietate episodioak, zorabioak, depresioak, muturreko haserreak, indarkeriak… Krisi honek eragindako urruntze soziala ondorio fisiko eta mentalak ekartzen ari da belaunaldi guztietan. Errealitate gordina dugu muturren parean: komunikazio teknologien aro berri honetan, inork ez du sentitzen benetan kasu egiten diotenik.
Juventud
Bizitza ibilbide iraunkorrak eraiki
Konfinamenduak agerian utzi du bizitza proiektu hauskorren eta bizitza estrategia ezaren egoera. Bizi ibilbide indibidualak eta kolektiboak berreraikitzeari heldu behar diogu.
Egoera horrek ekarri duen beste ondorio bat da hiri erraldoietatik herrietarako migrazio fluxu bat sortu dela. Hiriburuetako alokairu garestiek itota, telelanak dituen aukerak aprobetxatuta edota konfinamenduan etxebizitza prekarioetan bizitako traumak bultzatuta, gure inguruko geroz eta jende gehiago aldatzen ari da jatorrizko familiaren herriko etxeetara, hiriburuak atzean utzita. Herriak izan al daitezke prozesu horiei erantzuteko tresna? Aurrez aurreko zaintza sozialak eskaintzeko eskenatokia? Metropolietan bizitzen gabiltzan zurrunbilo hau amesgaizto iragankor bat besterik ez da? Lortuko al dugu digitalizazio prozesu honetan lan baldintza duinen ezaugarri berriak topatzea? Kolektiboki eta espazio publikotik prestatu gaitezke aldaketa hauetan esku hartzeko?